4. Trena, Labe Garaiak eta inmigrazioa: Aro Garaikidea

 

XIX. mendean gerra karlistak izan ziren gure lurraldean. Leku estrategikoan zegoenez, Lehen Karlistadan tropek hartu zuten Bergara eta Seminarioan hartu zuten ostatu. Oso ezaguna da Bergarako Besarkada, gerra horri amaiera eman ziona.

Gerrek ez zuten industriaren garapena gelarazi eta, besteak beste, ehungintza (San Antonioko Algodonera 1846an sortu zen), metalurgia, oinetakogintza eta teileriak izan ziren nagusi.

Argazkia

Bestalde, epaitegi barrutiko buru izendatu zuten Bergara eta Ariznoa plazan Epaitegia, kartzela eta eskolak eraiki zituzten Marcial Agirre eskulturgile bergararraren Doña Justa eskultura fatxada gainean duela. Hilerria ere eraiki zen Matxiategin, herritik aldenduta eta Espoloia urbanizatu egin zen, Bidekurutzeta San Antonio auzoarekin bat eginez.

Trena 1888an iritsi zen Bergarara, eta komunikazio-gune garrantzitsu bilakatu zen:

  • Orduan Ferrocarriles Vascongados konpainiaren Durango-Zumarraga linea (goiko estaziokoa) martxan jarri zuten.
  • Bergara-Gasteiz linea 1919ko irailaren 3an abiarazi zuten Anglo-Vasco-Navarro konpainiaren eskutik (beheko estazioan).
  • Mekolalden egin zen linea bien arteko lotura.

Seminarioaren eraikinean Mariano José de Lascurain arkitektoak handitu ondoren, Gipuzkoako Institutu Probintziala jarri zen. Dena den, 1873an gerraren eraginez Donostiara eraman zuten.

XX. mendearen hasieran Unión Cerrajera de Mondragón enpresa sortu zen eta horren ondorioz Labe Garaietako auzo guztia. 1927an Angiozar eta Ubera auzoak, ordurarte Elgetakoak zirenak, Bergaran sartu ziren.

Beranduago, 50 eta 60ko hamarkadetan, Martoko, San Lorentzo eta Matxiategi auzoak eraiki ziren etorkinak zirela eta etxebizitzen behar handia zegoelako. Egoera ekonomiko onaren adierazle da hori.

Egoera ekonomiko on horretaz baliatuz, kultura eta kiroletarako ekipamenduetan ere bultzada garrantzitsua izan zen:

  • Labegaraieta auzoan (garai batean txatarra-biltegia zegoen lekuan) kiroldegia egin zen.
  • Errotalde jauregia egokituta Kultur Etxea eta Batxilergo Institutua eta udal igerilekuak eraiki ziren.
  • UNEDaren egoitza bihurtu zen Seminarioa.