Etxe zahar eta dotore hau Pedro García Aroztegik, leinu zahar eta garrantzitsu bateko semeak, eraikiarazi zuen 1528an.

Etxea Erdi Aroan hiribildu zaharrak hartzen zuen tokian dago. Harlanduzko fatxada ikusgarria du, eta dobela handiz osatutako egundoko sarrera-arkua, zorrotz samarra. Arkua ixteko ate bat zegoen, XVI. mendearen lehen erdian kokatu beharrekoa, oparotasunez landutako eta irudi gruteskoz apaindutakoa: landare-itxurako munstroak, hegaztien gorputz-adarrak dituzten gizakiak, candilieri-ak, medailoiak eta gai heraldikoak. Gruteskoak Errenazimenduko apaingarri bereziak dira, tradizio klasiko erromatarrean oinarrituak, Italiatik ekarritakoak. Etxeko atea, ezbairik gabe Penintsula osoko Errenazimenduko aterik onenetakoa, eraikinaren barrualdean dago ikusgai.