1. Herriaren jatorria

Arkeologiako ikerketek erakusten dutenez, Brontze Aroko monumentu megalitikoak zeuden bi gunetan:

  • Udala-Intxortako gune megalitikoan
  • Elosua-Soraluzekoan

Trikuharriak eta tumuluak ziren, lurperatzeko eraikuntza gisa erabiltzen zirenak. Egitura berbera da guztietan: hainbat harlauzaz osatutako kamara bat izaten zuten, eta hori estaltzen, errekarri berdintsuz egindako mendixka. Lan horietan aitzindari izan ziren Enrique Egurenek, Joxe Miel Barandiaranek eta Telesforo Aranzadi bergararrak egin zituzten indusketak joan den mendearen hogeigarren hamarkadan

Argazkia

Bergara izena antzinakoa eta aspaldikoa da. Idatzizko lehen aipamena 1050. urtekoa da, Sancho jaunak egindako eskrituran jasotakoa. Dokumentu horren bitartez, Bergarako bere lurretan (Ariceta izeneko monasterioan hau da, San Miguelen) zituen sailak eta sagastiak eman zizkion San Juan de la Peñari.

Garai hartako informazio gutxi dago, baina argi dago ordurako antolakuntza politiko bat eratuta zegoela; hala, Iruñako erresumaren kargu zegoen konterriaren barruan. Gaur egun ezagutzen ditugun hainbat auzoren sorrera garai hartakoa da.

Bergara hiria Alfonso X. Jakintsuak sortu zuen, Vitoriako forua emanez, Sevillan 1268ko uztailaren 30ean luzatutako pribilegioaren bitartez. Hala, Ariznoa izeneko leku batean herria sortzea erabaki zuen. Hiria hobeto jendeztatzeko, Gaztelako erregeek bi pribilegio eskaini zituzten:

  • Alfonso X.ak berak Avilan 1273ko maiatzaren 27an ondokoa agindu zuen: todos los hijosdalgo que hubiesen venido o viniesen a poblarla y ser vecinos de la misma, fuesen quitos de todo pecho, pedido enmienda y yantar.
  • Alfonso XI.ak, Sevillan 1344ko maiatzaren 20an emandako pribilegioaren arabera, hiri horretako biztanle izan nahi zuten eskualdeko kapare eta nekazariei hiriko forua eta bertako alkateaz epaituak izateko aukera eskaintzen zitzaien, bere oinetxetan jarraitu arren. Dena dela, pribilegio hori ez zen emango erregeari edo beste eskubideren bati zorpetutako petxa eta eskubideetatik ihes egiteko eskatzen bazen.

Gorosabelen ustez, 1344an jasotako pribilegioak eta Elgetarekin zeuden konponezintasunek erabaki zuten Oxirondoko Santa Marina parrokia Bergarako hirira eranstea. Eranspen hau San Pedroko elizan egin zen 1348ko ekainaren 16an, Mondragoeko eskribaua zen Fortún Ortizen aurrean luzatutako elkartasun-itunaren bitartez. Jasota dagoenez, Enrique II.ak berretsi egin zuen aipatu eranspena Burgosen 1373ko irailaren 10ean.

Bestalde, mende asko geroago, 1925eko abendurako ofizialki eskatuta zegoen Angiozarko bailara eta Ubera auzoa ere batzea. Legeak agintzen zituen tramiteak bete ondoren, Bergarako Udalak, 1927ko apirilaren 23an hartutako erabakiaren bitartez onartu egin zituen anexioaren baldintzak. Elgetako Udalak, bere aldetik, baldintza horien arabera bi auzoak banantzea eta Bergarara eranstea onartu zuen 1927ko martxoaren 24an.