"Museoa, Zergatik eta Zertarako" (2011)


Erakusketaren izena:

"Bergarako Errege Seminarioa: MUSEOA, ZERGATIK ETA ZERTARAKO"

 

Erakusketaren kokalekua eta datak:

Erakusketa Bergarako Aroztegi Udal erakustaretoan gauzatu zen 2011 ko udaberrian: maiatzaren 6tik 29ra.

Ordutegia:

Asteartetik Ostiralera 18.00etatik 20.30etara

Larunbatetan 12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 20.30etara.

Igandetan 12.00etatik 14.00etara.

Erakusketaren mezuak eta edukiak:

A) Erakusketan, paneletan eta flash moduan, hau da testu motz eta zuzenen bidez, Museoa egiteko arrazoiak eman ditugu eta modu berdinean azaldu ditugu Museoak beteko dituen beharrak, funtzioak eta Bergarari ekarriko dizkion onurak.

B) Seminarioko pertsonaiak: Errege Seminarioko zientzialari garrantzitsu eta ospetsuen erretratu galeria bat ipini dugu, bakoitzari buruzko azalpen batekin. Helburua izan da adieraztea Seminarioan maila handiko zientzialari asko izan zirela eta horrek bereizten duela Seminarioa; alegia, Seminarioa eskola normal edo arrunta bat baino askoz gehiago dela.

Erakusketaren planteamendu museografiko orokorra:

Erakusketa aretoa bi gune nagusitan banatu zen:

 Lehenengoan, goian aipatutako "A" mezua landu zen, hau da, Museoa egiteko arrazoiak, beteko dituen beharrak, funtzioak eta Bergarari ekarriko dizkion onurak. Gune honetan Errege Seminarioko bildumetako 31 ale aurkeztu ziren (ikus 1. eranskina). 

Bigarren gunean, goian aipatutako "B" mezua landu zen, hau da, erakutsi zen Seminarioan maila handiko zientzialari asko izan zirela eta horrek bereizten duela Seminarioa.

Nori zuzendua/ekintza bereziak:

Publiko zabalari zuzendutako erakusketa izan da.

1. Erakusketa bere kasa bisitatzen duen publiko zabala. Bisitari hauek, Museo proiektuari eta erakusketari buruzko iritzia eman ahal izan dute, horretarako prestatutako mahai batean (txartel batean idatzitako iritziak urna batean jaso ditugu erakusketak iraun duen bitartean). 1577 pertsona hurbildu dira beraien kasa erakusketara.

2. Museoko lan taldeko kideekin Museoari eta Errege Seminarioari buruzko hausnarketa eta eztabaida zuzenean egin nahi duten bisitariak: hauekin bisita bereziak egin ditugu, Errege Seminarioaren historiarekin erlazionatuta dauden kaleko leku eta eraikinetara lehendabizi (kontestualizazioa), eta erakusketara ondoren. Bertan, zuzenean, bisitan parte hartu dutenen galderak erantzun eta proiektuari buruzko solasaldiak/eztabaidak izan ditugu. 208 pertsonek parte hartu dute bisita gidatuetan, gehienak helduak eta gazteak, baina baita ume batzuk ere (beraien kasa etorriak).

3. Eskolak. Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 612 ikasle etorri dira erakusketara. Kasu hauetan ere, Museoko teknikariek gidatu ditugu bisitak, bisitaren edukia ikasleen adinera moldatu dugularik. Oro har, erakusketak Bergaran ikusmin handia sortu du, arrakastatsua izan da eta helburuak bete ditu. Ondorio bezala orain esan genezake gainera Museoaren proiektuak inoiz ez bezalako sostengua duela gaur egun herrian. Horren lekukoa da, esate baterako, herritarren partaidetza sustatzeko egin den foroan, Museoa irekitzea legealdiko lehentasunen artean kokatu dela.