Laboratorium Museoa

2014 urte amaieran Laboratorium museoa irekita izango dugu azkenean.

Laboratorium Chemicum zen XVIII. mendearen amaieran Bergaran izan genuen kimika laborategi aitzindariaren izena. Han aurkitu zuten Elhuyar anaiek Wolframioa, han asmatu zuen Chabaneauk platinoa erabilgarri egiteko lehen metodoa. Laborategi ospetsua, Bergarako Errege Mintegiaren instalazioetako bat zen. Mintegia zientziaren sorlekua izan zen Euskal Herrian eta XVIII eta XIX. mendean jarduera benetan nabarmena izan zuen hezkuntzaren eta zientziaren arloan. Ibilbide oparo horrek utzitako bildumak baliatuz, Laboratorium berriak zientziaren, ondarearen eta gizartearen topagune izan nahi du, iraganean oinarrituta etorkizunera begira jaioko dena. Hori horrela izanik, kultura zientifikoa zabaltzea bere zeregin nagusietakoa izango da.

 

 

Bergarako Errege Seminarioaren gida

 

                   

Aspaldian, alfabetatze- eta eskolatze-indizeak gaurkoak baino askoz ere baxuagoak ziren, eta ez zen normala nork bere herrian goi mailako ikastetxe bat izatea, ez zen ohikoa, salbuespen-salbuespena zen -eta era berean, abantaila ederra-. Hori gertatu zen Bergaran: XVI. mendearen bukaeratik aurrera, Errege Seminarioko orubeak bere baitan hezkuntza eta zientzia arloetako erakunde bikainak hartu izan ditu. Jatorrian, Jesusen Konpainiak ikastetxe ospetsu bat sortu, eraiki eta zuzendu zuen Bergaran (1593-1767); hau izan zen jesuitek Euskal Herrian sortu zituzten bederatzi ikastetxe bakanetako bat.

 

                                                 

 

XVIII. mendearen bukaera aldera, Europako ikerketa zientifikorako gune ospetsuenetariko bat izan zen Seminarioa. Hemengo instalazioetan elementu kimiko berri bat isolatu zuten -wolframioa-, eta platinoa xaflakor egiteko metodoa asmatu zuten. XIX. mendean zehar, Errege Seminarioa nabarmendu egin zen Gipuzkoako Goi Mailako Institutoa izan zelako -Gipuzkoako lehenengo institutua izan zen, eta hamarkada batzuetan zehar bakarra-, eta mende bereko erdiko urteetan, Eskola Industriala izan zelako -Euskal Herrian zegoen eskola industrial bakarra-.

                              

Bergara izan da beraz, zientziaren sorlekua Euskal Herrian, hemen egon delako XVIII. eta XIX. mendeetan hezkuntza eta zientzia erakunderik garrantzitsuena: Bergarako Errege Seminarioa. Bergarako erakunde honen laborategietan aurreko mendeetan erabilitako 3.012 objektu zientifiko kontserbatzen ditugu oraindik, Seminarioan bertan: zientzia instrumentuak, anatomia modeloak, zoologia bildumak, mineralak eta fosilak.

 

Bergarako Udalak lan handia egin du bakarra eta bikaina den bilduma hau berreskuratzen, ikertzen, klasifikatzen, errestauratzen eta modu egokian kontserbatzen. Gaur egun bilduma prest dago, Museoan erakusteko zain.

Parekorik ez duen material aberats honekin Museoa egitea erabaki zuen Udalak bildumen aprobetxamendu sozialari ekin ahal izateko. Iraganean oinarrituta, museoak aurrera begiratuko du. Bere xedea izango da Seminarioaren ibilbide historiko-zientifiko oparoa gogora ekartzea, zientzia zaletasuna sortzea eta eta kultura zientifikoa sustatzea. Museoarekin, zientzia, teknologia eta berrikuntza gure iraganean garapen eragileak izan direla ezagutuko dugu, eta etorkizunean ere horrela izan daitezen giro egokia sortzen ahaleginduko gara. Museoa lehen mailako aktibo turistikoa izango da gainera. Izan ere, ondare eta historia aberatsa dugun arren, Errege Mintegia eta bertako zientzia bilduma dira Bergara berezia egiten duten elementuak, maila apartekoak.