Lorategiak oso garrantzitsuak izan dira Bergarako Historian.

Egungo hirian ere hala izaten segitzen dute. Gerriko berde batek inguratzen du Bergara. Baina kasko historikoaren barne egituran ere zabalak eta ederrak dira berdeguneak.

Baita oso bereziak ere. Batzuk ongi kontserbatzen dira, beste batzuk eraldatu egin ditu azken hamarkadatako hiri garapenak. Baina ondare original eta baliotsua izanik, horiek berreskuratzeko eta gozatzeko lanetan dihardu Bergarak.

 

Hiriko lorategirik bikainenetakoa. XIX. mendekoa da.

Landare-espeziekin batera, jatorrizko ur instalakuntzak eta espazio banaketak ematen diote handitasuna: zuhaitz ikusgarriz hornitutako lorategi ingelesa, baratzea, basoa

Lorategi bikain hau bisita daiteke.

Errotalde Jauregiko lorategia

Santa Anaren ermitagatik eta Frantzisko Borxaren predikuarengatik ezaguna bada ere, sorpresaz beteriko XIX. mendeko lorategia da.

Oso eraldatua dagoen arren, elementu begetal eta arkitektoniko interesgarriak mantentzen ditu, hagin ikusgarria (Taxus baccata) eta etxearen atzealdean dagoen Aranerreka gaineko zubia esate baterako.

Txikia bada ere, lorategirik preziatuena da hau.

Izan ere, hemen ortu bat lorategi bihurtu zen lehen aldiz Bergaran. XVII. mendeko hautua izan zen.

Gainera, garaiko modari jarraituz, jauregiko jabeek atzera begiratu eta Errenazimenduko eran egitea erabaki zuten. Lorategi hau Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean inskribatuta dago, Monumentu kategoriako Kultura-ondasun gisa.

Komenio kaleko lorategi txikiak bisitatu beharrekoak dira, Ondartza eta Olaso dorreen hegoaldea apaintzen dutenak.

Olaso dorrearen lorategia, balio handiko ondarea 

Olaso Dorreak, ofizialki, monumentu izendapena dauka eta babes maila berezia dauka aitortuta. Bertako lorategia, bere osotasunean hartuta, Bergarako txokorik erakargarrienen artean aurkitzen da. Kasko Historikoaren erdi erdian kokatua, lorategiak ondarearen aldetik balio handia duten elementu bakunak ere gordetzen ditu; bereziki hiru dira nabarmentzekoak:
 
  • Jesusen Lagundiaren armarria, Seminarioa Jesuiten eskola zeneko garaikoa eta jesuitak 1767 urtean kanporatuak izan zirenean, jesuiten eskolako fatxadatik (Seminarioaren jatorrizko fatxadatik –gaurko fatxada 1867 urtekoa baita-) kendu zena. Seminarioko eliza eta eliza horren jatorrizko fatxadan aurkitzen zen dagoen armarri hau (Olaso dorrean dagoena) dira XVII. eta XVIII. mendeetako Jesusen Lagundiaren ikastetxetik gelditzen zaizkigun arrastorik aberatsenak.  
  • Jesuiten armarriaren gainean kokatua dagoen armarri heraldikoa, ondo landua dena eta barroko garaikoa dena, XVII. mendearen azken aldekoa segur aski. 
  • Lorategiaren bukaeran zutitzen den magnolia. Zuhaitz hau ofizialki bereizia eta babestua dago. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 16ko 265/1995 Dekretuaren bitartez, Autonomi Elkarteko hainbat zuhaitz “aparteko zuhaitz” bezala izendatu eta babestu zituen. Zehazki emateko, hiru probintzietan 15 aparteko zuhaitz izendatu zituen, eta 15 horietatik 5 Gipuzkoan daude; horietako bat da Bergarako hau.

Egungo Mintegiaren lorategia XX. mendearen hasierakoa duzue, leku berean zegoen lorategi ingelesaren ordez egina.

Munibe plazatik ikus daiteke.

Ondoko paretako informazio-plakan, berriz, garaiko marrazkia duzue, Errege Seminarioko lorategiak eta baratzeak XIX. mendean nolakoak izan ziren ondo baino hobeto azaltzen dituena.

Dagoeneko ez dago lorategirik; argazki honek erakusten du nolakoa zen.

Errekaldekoa bezala, XIX. mendekoa dugu lorategi hau. Gaur egun errepideak zatitu du ia 2 hektareatako lorategia.

Zuhaitz ederrak mantentzen ditu, batzuk XIX. mende amaieran landatutakoak, Himalaiako zedro ikusgarria kasu (Cedrus deodara).

Estimu handiko parke hau Laureaga jauregiko lorategia zen jatorriz. XX. mende hasieran sortua, 1980 hamarkadaren hasiera arte ez zen publikora ireki.

Urmaela eta jatorrizko elementu batzuk galdu badira ere, duela 100 urte inguru landatutako hainbat zuhaitzek bertan diraute: Izei zuria (Abies alba), 3 arantzadun arkazia (Gleditsia triacanthos) etab.