Kimikaren Nazioarteko Urtea (2011)

KIMIKAREN NAZIOARTEKO URTEA

2011. urtea kimikaren Nazioarteko Urtea izendatu dute Nazio Batuek. Izendapen horrekin, kimikak gure gizartean duen garrantzia goraipatu nahi dute, zientzia honek gizadiaren ongizatean egindako ekarpenaz jendea kontzientzatu dadin. 2011. urtean, gainera, Marie Curieren Nobel Sariaren mendeurrena ospatzen da.

Bergarako Errege Seminarioaren Museoak ere bere ekitaldiekin horretan lagundu nahi du. Kontuan hartuta iraganean Bergarak eta Kimikak izan duten lotura, urte berezi hau ospatzeko erakusketa bat eta hitzaldi batzuk antolatu ditugu. (Wolframioaren aurkikuntzak ematen dio Bergarako Errege Seminarioari garrantzia maila unibertsalean, izan ere, Kimikaren historian gertaera nabarmena da).

Hitzaldiak: Hitzaldietarako bi kimikari gonbidatu ditugu, bata, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea den Jesus Ugalde, oro har gaur egungo kimikaren ikuspegi orokorrari buruz hitz egiteko, zientzia honen erronka nagusienak zeintzuk diren azalduaz; eta bestetik, Amaia Zurutuza, Graphenea enpresako zuzendari zientifikoa. Honek grafenoa deituriko material berritzailearen inguruan ikuspegi zehatza emango digu, hau da, gaur egungo kimikaren ikuspegi praktikoa eskainiko digu. Biak Bergararrak dira eta goi mailako kimikariak.

                        

Erakusketa: Erakusketa, “Molekulen artean” deiturikoa, CSIC erakundeak prestatutako materialean oinarritzen da, 22 panelez osatutakoa. Aipatutako panelak ez daude erabilgarri azaroan, eskaera handia dutelako, baina doan deskarga daitezke erakundearen webgunean, eta inprimatzeko aukera eskaintzen digute. Panel hauez gain, unitate didaktikoak eskaintzen ditu erakunde honek, erakusketaren edukia sakontzen lagunduko dutenak, hau da, erakusketako panelak eta unitate didaktikoak bateragarriak izango dira. Unitate didaktiko hauek DBH eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleei zuzendutakoa da, beraz, oso eskaintza interesgarria izango da ikastetxeentzako. Halaber, molekulen munduan bakarka, lagunekin edo familian murgildu nahi dutenentzako auto-gida gisa erabili daitezke unitate didaktiko hauek.