Juan Jose ELHUYAR (1754-1796)

XVIII. mendeko goren mailako kimikoa. Espioitza industrial-militarreko misio estrategiko baten protagonista izan genuen, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak zientziak garatzeko zuzendutako proiektu baten baitan. Juan Jose Elhuyar, anaia Faustorekin batera, elementu kimiko berri baten AURKITZAILEA da: Wolframioa. Elhuyartarrek, 1783an, Bergarako Errege Seminarioko laborategietan aurkitu zuten wolframioa (bertan egiten baitzuten lan). Aurkikuntza hau mundu zabalean gizadiaren ondarearen aldeko ekarpen handia da. Zalantzarik gabe, zientzia-arloan gure herriak inoiz egin duen ekarpenik garrantzitsuena eta unibertsalena da.